lunes, 25 de octubre de 2010

Berdea dela erabaki dute


Galtzeko arriskuan dauden animaliak eta 662 hektareako gune berde bat ditu Gasteizek, urteetako lanari esker

Zelai eta berdeguneak erruz dauzka Gasteizek. 239.000 biztanle eta 622 hektareako baso eta belardiak ditu. Hiru hamarkadako lanaren emaitza da Stockholmen (Suedia) Europako Hiri Berdea saria eman izana. Duela 30 urte hasi ziren garapen iraunkorraren aldeko apustuarekin hiriburuan. 2012an Europako Hiri Berdea izango dela erabaki dute, eta erabaki horrek saririk gabe utzi ditu Bartzelona (Herrialde Katalanak) eta Reykjavik (Islandia), besteak beste. 2013an Naoned (Frantzia) izango da Europako Hiri Berdea.

Bizikletan, lasterka edo paseatzen ibiltzeko 50 bat kilometroko ibilbidea dago hiriaren inguruko baso eta zelaietan. 1990eko hamarkada hasieran hasi ziren hiriko kanpoalde «hondatuak» leheneratzen eta hiritarren erabilerarako «eraztun berdea» osatzen. Baso, ibai, hezegune, zelai eta landutako lurrak daude eremu horietan. 1994an, Salburuako hezegunea nahiko lehortuta zegoen, baina egin den lanari esker, 196 hektarea dauzka, eta animalia espezie asko biltzen dira han. Galtzeko arriskuan dauden hegaztiak, besteak beste: ur-benarrizak eta mokozabalak. Ugaztunak ere badira han; bisoi europarra, esate baterako.

Halaber, baratze ekologikoak baditu hiriak. 55 urtetik gorako gizon-emakumeei lur eremu bat uzten diete dohainik berau lantzeko. Aurretik ikastaro txiki bat egiten dute, eta arrakasta «itzela» izaten ari da, udalaren esanetan.

Bizikleta eta garraio publikoa

Gasteiztarrek bizikleta erabiltzeko ohitura handia daukate. Hiriko bidegorriek 97 kilometro dituzte, guztira. Horri esker ere, puntu batzuk irabazi ditu hiriak. Autoaren erabilera gutxitzearren, garraio publikoaren zerbitzuak gora egin du. Autobus zerbitzuak 256 geltoki eta 143 kilometroko ibilbidea dauka. Arduradunen xedea gehienez ere hamar minutu egotea da autobusaren zain. Bestalde, ezin ahaztu tranbia zerbitzuarekin.

ongi etorri

Ongi etorri nire blogera bertan ingurumenari buruzko albiste eta gertakariak kontatuko dizkizuet.
laster aukiko dozue nire berri.
munduberde